Imprimir

 

Gizaseme nagi batek, bizia lan egin gabe nola atera ez zekiela, kapela bat asmatu zuen zingilaz ondo apainduta. Zaldun batzuk hurbiltzen ziren taberna batetara joaten zen, eta aurrerantzean, tabernariarekin egin zuen tratu. Hamaiketako edo askariren bat hartu ondoren:

- Nire kontua? - esaten zion arduradunari

- Honenbeste - erantzuten zuenean, berak, kapelari bira bate ematen zion.

- Ondo dago - esaten zuen saltzaileak, eta bestea joaten zen barnea bero eta gogoa beroago zeukala etxera.

Bigarren eta hirugarren egunean, berdin: Nire kontua. Honenbeste. Kapelari itzulitxo bat. Ondo dago eta aurrera, beste bat arte.

Laugarrenez beste hainbeste ikusita, zaldun haiek harriturik galdetu zioten nagiari:

- Nola izan liteke hori?

- Dirurik eman gabe, ondo dagoela eta etxera. Nola demontre izan liteke?

- Nire buruko kapelatxo maite honi ondo eraginez gero, nonahi dohainik ematen didate nahi dudan guztia; eta ez niri bakarrik nirekin bat eginda doazenei ere beste horrenbeste. Zuek nahi duzuen ostaturen batera goazen arratsaldean askaria egitera. Besteak ahopean elkarri zerbait esan ondoren, kapeladunak esan zuen:

Patxiko Bizarrenera? Ondo da, lauretan Patxikorenean naukazue.

Hiruretarako bazen hura han.

Patxiko Bizarri, barre gozoa eraginez, bere hitza eskatu zion, egun hartako kontua kapelaz orduan eta biharamunean diruz eta eskupeko eta guzti garbitzea aintzat hartuko zuela. Baietz Patxikok. Lau t’erdik inguruan nonbait ibilita heldu zen nagia. Lehenagotik hantxe zeuden beste hirurak. Kontu egiteko ordua heldu zenean, nagiak esan zuen:

- Patxiko, ea gure kontua

- Honenbeste – erantzun zuen Patxiko Bizarrek

Nagiak kapelari di-da batera eta bestera eragin zuen.

- Ondo dago – Patxikok

Handik irtenda nagiak lagunei:

- Gizonak, esan nizuen, lau izan beharrean hamalau nahiz hogeita lau izan bagina ere, niretzat berdin: di-da nire kapelatxo maite honi eraginez gero, kitto.

- Mutil, kapela hori saldu behar diguk

- E! Zer diozue, nola biziko nintzateke ni hau gabe?

- Bai, mutil. Eskatu dirua ardura gabe, hura ordaintzeko.

- Baina, gizonak, jantzi behar badut, berak janzten nau, elikatu behar badut, berak, norabait joateko, mando nahiz zaldi nahiz bestelako zerbait behar badut …

- Bai, mutil, hori eta gehiago guk sinetsi. Hik kapela hori urte askotan erabili duk, guk behar dugu orain.

Ekinez ekina eta diruez dirua, hiru zaldun alper haiek nagi arlotearen burukoa bereganatu zuten. Handik hurrengo jaian, eurek bizi ziren hiritxoa txikitzat hartuta, hiri handiago batetara joan ziren eta han, ostaturik entzutetsuenera. Egun osoa igaro zuten bertan, gau eta guzti.

Biharamuneko goizean berandutxo ostalariari dei eginda,

- Gure kontua - esan zuen hiruetatik ausartenak, kapeladunak.

- Honenbeste

Lodi samarra zen eskatu zuena. Kapelari esker-eskuin di-da eraginda, agur eginez bazihoazen.

- Ez al duzue entzun zor duzuena zenbat den?

- Emaidak niri kapela hori – esan zuen bigarren lagunak.

Bere buruan sartuta zeukala,

- Zenbat esan duzu? – galdetu zuen.

- Gor al zaudete? Honenbeste

Di-da, di-da kapelari bigarren lagunak. Gehiago gabe bazihoazela ikusita, sutzen hasi zen ostalaria. Hirugarren lagunak orduan, kapela bigarrenari kendu, bere buruan jantzi eta

- Zenbat, ostalari, zenbat? - galdetu zuen ostalariari.

- Niri adarra jo nahian zabiltzate, ala? Honenbeste dela esan dizuet eta ez gero, niri gero …

Hirugarrenak kapelari di-da eragin arren azkenean dirutan ordaindu behar izan zuten hogeita lau ordu haietan egindako jan-edan ugaria.

María Martina Maruri, de Murélaga.