Arratiako batek luzaro buruan asmo handi bat zerabilen: Aranoztik Gorbeara, Gorbeatik Lekandara eta inguru haietako mendiz mendi txorien antzera hegaz ibiltzea. Horretarako, kanabera mehe meheak elkarri lotuta, hego handi bi egin zituen. Hegaz ibiltzen asteko behar zuen guztia gertu zeukala, hala uste izan zuenean, auzoko lagun eta adiskide batzuei hots egin zien. Hegoak handiak izana arren, astunak ez zirelako edo, lau adiskideren artean erraz Aranotz mendi tontorrera eraman ahal izan zituzten.
Han, asmatzaileari hego biak ondo lotu zizkioten batera,
- Hortxe zoaz, bada -esan zioten.
Hegazti berriak (giza hegaztiak) arranoak ikusten zituen bezala, pla pla pla eginda, bere burua Aranotz gainetik haizetara bota zuen. Gizagaixoa, Jesus Amen esan orduko, lurrera jausi eta Ituriotz hondoraino zabu-zabuka heldu zen. Luzaro egon zen hitzik egin ezinik, hil zorian. Batzuk irribarre egin arren, bere adiskide gehienak larri zeuden. Ez ziren gutxi poztu begiak eta ezpainak zabaltzen ikusi zutenean.
- Bizi zara, Bartolo?
- Mutilak -hauexek izan ziren Bartoloren lehenengo hitzak-: gauza bat... ahaztu zait eta nik..., nik..., ezin hegaz ondo egin.
- Zer ahaztu zaizu bada?
- Buztana, txori guztiak... buztandunak... dira eta.
Ez dakigu bigarren saiakerarako hezurrak Bartolori osorik gelditu ote zitzaizkion. Askok uste dute behintzat lehenengo aireplanoa Arratiako batek asmatu zuela.
Domingo Azkoeta, de Zarátamo.
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue