Imprimir

Berastegiko apaiza ez zegoen pozik bere eliztarrekin. Haiek bide onera ekartzeko, bere arreba bitarteko zela, zerbait egitea asmatu zuen; eta behin pulpitura igo eta esan zien:

- Datorren igandean etor zaitezte txiki eta handi, herri guztia, meza nagusira, esan beharreko den zerbait, handi den zerbait badut eta.

Apaizak nahi bezala, meza, nagusian herri guztia bildu zen. Apaiza pulpitura igo zen eta, honela hasi zuen bere hitzaldia:

- Berastegiarrak: lehengo egunean, hemengo seme-alaben berri jakin behar nuela eta, mundutik atera eta kanpora ateralditxo bat egin nuen. Lehenbizi zerura joan nintzen. Atea kask-kask jo nuen eta San Pedro atera zitzaidan. Ea zer nahi nuen: «San Pedro -esan nion-, bada hemen berastegiarrik? «Ez dago alerik», erantzun zidan.

Purgatoriora joan nintzen urrena. Kask-kask han ere jota: «Bada emen berastegiarrik?» galde egin nuen. Badakizue Pedro Martin gizarajo hura nor zen? Huraxe beste berastegiarrik han ez zela erantzun zidaten.

Azkenean infernura joan eta kask-kask atea jo nuen. Atera zen deabruari: «Bada hemen berastegiarrik?, galde egin nion. «Guztia dago berastegiarrez beteta», erantzun zidan.

Apaizak beste munduko bere ibileraren beri eman eta gero, haserre oihuka egin zien eliztarrei:

- Berastegiarrak: gaiztoak zarete eta Jainkoaren pazientzia akabatu duzue. Horregatik kastigu izugarria zuen gainera botatzera doa.

Jauna, esan zuen gero oihu handiz, elizako sabaira begira zegoelarik:

- Jauna: bota ezazu su ori. Kiskali daitezela berastegiar gaizto guztiak.

Apaizak esan bezala, elizako sabaitik dir-dir-dir sutan iztupa zati bat erori zen eta eliztar guztiak harriturik gelditu ziren.

- Bota gehiago, Jauna - berriz apaizak.

Eta bigarrenez ere dir-dir-dir iztupa zati handia sutan erori.

Jendea, elkar gainean eliza atean kanporatu ezinik zebilen …,

Apaizak esan zuen:

- Bota gehiago.

- Iztupa bukatu da, jauna -esan zion sabai-gainetik bere arrebak.