Imprimir

 

Behin bazen otso bat Euskal Herriko mendi baten gainean. Behar izanez gero, jakingo genuke ere, zehazki, zein mendiren gainean. Otso hark adin bat bazuen, jadanik zangoak uzkurtzen, tontotzen hasiak zituen eta hortzak ere kamusten, eta zenbait jadanik eroriak. Garai batean ehiztari bizkor eta ernea izan zen. Zenbat ardi eta bildots ez zituen larrutu eta jan? Baina egia da zahartzeak ez duela ezer onik, bereziki ehiztarientzat. Han zegoen, beraz, otso gaixoa, goseak ahulduta, hezurrak larruaren kontra barnetik ageri; kezkatuta zegoen, ez baitzekien zer egin bildots bat bederen harrapatzeko. Otsoa urrutitik ikusi bezain laster ardiak eta bildotsak ihesi zihoazen. Bestalde artzainek eta zakurrek ez zuten artaldearengana hurbiltzen uzten. Zer egin bizitzeko?

Hona hemen zer bururatu zitzaion. Egun batean, artalde guztia etzanik lo zegoela, itzal azpian ardiak lo, artzaina lo, zakurra lo, guztiak lo, poliki hurbiltzen da otso hori; kentzen dizkio artzainari bere soinekoak, oinetakoak eta bere makila. Hantxe janzten ditu berak bere soinean artzain gaixoaren piltzarrak, eta zutik atzeko aldeaz, bi besoez makilari helduta dagoelarik, gizon bat bezala, bere buruari esaten dio:

—Zer den ordea, buruz jokatzea! Nola bada ez ote zait lehenago bururatu nire antzerakoei, otso batentzat primeran eta beldurrik gabe bizitzeko biderik hoberena artzain egitea dela?

Bere burutapenekin irri eginez, ezpainak miazkatzen zituen ardi haietatik egunean bat osoa janda ere nahikoa zuela pentsatuz. Baina ongi baino hobeto egin nahian, horra hor non bururatzen zaion ardiak biltzeko artzainak bezala txistu egin behar zuela. Eta ahoa zabalduta txistu ordez orro izugarria entzun arazten du, inguruetako mendi-harri guztiak burrunbatzen dituena. Bitartean ardi guztiak, artzaina eta zakurrak lotatik iratzartzen dira.

—Zer deabru dugu hau? – dio artzainak, bere burua biluzik eta otsoa haren piltzarrez jantzita ikusirik.

Harriturik zegoen, baina kapusailaren azpitik otsoaren buztana ageri zela ikusi zuenean, salto batez bere makila kendu zion atzaparretatik otsoari,

—Ea, zakur, ea! – esanez makilarekin zinpi-zanpa jo zuen.

Ardiak ihesi joan ziren mendi aldera. Zakurrak, zaunkaka eta haginka, otso gaixoa odoletan eta burua makurturik bidali zuten.