Imprimir

Jaun erretore batek gonbidatzen zuen bere giltzaina igande oroz bazkaritara. Gustura asko han biek buruz buru bazkaria egiten zuten eta bizpahiru kontu solasean elkarri esaten. Noiz eta kanpaiak jotzen zuenean bezperetarako, Jaun erretoreak topa egiten zuen bere sakristauarekin, esanez:

- Tibi.

Hainbat urte eman zituzten horrela gustura eta bakean bizitzen jaun erretorea eta giltzaina.

Egun batez giltzain hari behartzen zaio joatea beste herriko apaiz etxera mezu batez. Heltzen da hara eguerdi aldean. Ez zuela baraurik itzuli behar eta jaun erretore hark egonarazten du giltzaina bazkaltzeko esan diolako. Hitz egiten dute pozik eta alai bazkari denboran eta horren ostean jaun erretoreak topa egiterakoan esaten dio:

- Zure osasunean topa.

Giltzainak ordea:

- Jauna, zuk horrela esaten didazu, baina gure jaun erretoreak beste era batera.

- Eta nola?

- Tibi.

- Tibi! Ez, ez da posible.

- Bai, bai, Tibi.

- Nik ez dezaket sinetsi jaun apaiz batek hitz hori esaten dizula.

- Baietz, seguru: Tibi.

- Benetan ari al zara?

- Baietz, Tibi. Baina esan iezadazu zer esan nahi duen.

- Ezin dut.

- Bai, mesedez, argi iezadazu.

- Bai, baina malezia ekar dakioke jaun erretoreari.

- Ez, jauna, ez. Mesedez, esan iezadazu.

- Ea bada. Tibi da mehatxu guzien izena. Esan nahi du tontoa, nagia eta zitala, ergela eta nahi duzun oro.

- Hala da?

Eta giltzaina badoa etxera bihotza ilun, malezia golkoan. Eta hainbeste denboraz jaun erretorea ahal izan zen horrela hartaz trufatzen.

Ondoko igandean jaun erretoreak gonbidatzen du beti bezala bere giltzaina bazkaritara. Giltzaina kopetilun, zaputz, bazkaria ona izan arren; arrainak eta usoak eta ardo ona; baina giltzaina isil eta kopetilun.

Bazkari ostean bere deia egin zuen eta jaun erretoreak beti bezala topa egiterakoan.

- Tibi -esan zien.

Orduan giltzaina begiak zorrotz, masailak sutan, eztena mihian zuela, esan zion:

- Ah! Tibi? Orain aski. Zure ama Tibi, Tibi zure aita, zu zeu Tibi, zure ahaideak oro Tibi eta ni ez naiz berriro zure etxera etorriko.

Jaun erretoreak ez zuen deus ere ulertu.

Intxaustoy apaizak esana.