Imprimir

 

Behin batean Lakuntzako lagun bat Iruñera zihoan zazpi mando eta arrainekin. Hiru ikasle aurkitu zituen bidean. Urrundik ikusi zutenean, deabrukeriaren bat egin behar ziotela eta euren arteko bi bide ondoko arkaitzpean ezkutatu ziren. Hirugarrena mandazainarekin solasean hasi zen.

- Arrainak gaur prezio handia du Iruñean … mandazain zaretenok ez zarete gaizki bizi; irabazi nahi adina; jateko arraina inork baino hobea; edateko ardorik onena …

Eta horrelaxe zihoan estudiante maltzurra mandazainaren belarria gozatzen. Bitartean beste biek hasi eta burutu zuten beren lana; atzetik zihoanak mandoa, zama eta guzti kendu zizkion eta eraman. Bigarrenak, kabestrua bere buruan jarri eta kendutako mandoaren ordez, besteen lerroan lotu zuen bere burua.

Halako batean, mandazainak burua itzuliz gizona mando gisa loturik ikusi zuenean harriturik bereganatu zen.

- Seme – esan zion-, zer egin duk nire mandoarekin? Nora eraman duk?

- Neu nauzu zure mandoa.

- E!

- Orain lau urtez bekatu handia egin nuen eta apaizak penitentzia gisa mando bihurtu ninduen. Oraintxe bete ditut lau urteak eta hona ni gizon bihurturik.

- Ozpin amorratua! Bost aldiz eman diat lan gehiegi eta jateko gutxi. Guztiarengatik barkamena eskatzen diat. Barkatzen didak?

- Bai, jauna, guztia barkaturik dago.

Kabestrua utzita joan zen mutila. Mandazaina etxeratzerakoan, mando bat gutxiagorekin itzuli zenean, emazteak,

- Ozpin amorratua! Jokoan edo horrela galdu duk mandoa, e? – esan zion.

- Hago pixka bat bakean, esango dinat eta.

- Esan ezak.

- Iruñeko seme gazte galai bat mandoturik ibili da nirekin,

- Zer diok? Eta ez al diok barkamena eskatu?

- Bai eta berak eman ere.

- Bai, hamaika aldiz esaten nuen ni hura mandotarako politegia zela!

Handik gutxira Tafallako feria batera Joan zen Lakuntzako gure laguna eta han aurkitu zuen estudiante maltzurrak lapurtutako mandoa. Bai eta laster ezagutu ere. Berarengana hurbildurik belarrira esan zion:

- Orain ere bekaturen bat egin al duzu? (Zuka hitz egin zion, begirune handiz)

- ¿Quieres comprarlo? Está en venta - esan zion saltzaileak

- Ez, gorde ezak hiretzat nahi baduk. Ni ederki eskarmentatuta nagok.