Imprimir

Senar-emazteak, semerik gabe, ikazkintzan bizi ziren nekez aurrera egin nahian; egunik ez zen igarotzen iskanbila gabe. Hirutatik bitan gertatzen ez zena, senarra zen etxe xume hartako iskanbila gehienen iturria. Ez zion, baina, emazteari ezer aurpegiratzen (ezin zuen eta) alferkeriagatik (guztiz arretatsua baitzen), ez mozkorragatik (urak lehen ere ez zuen inor mozkortzen), ez berritsua zelako. Misio batzuetan buruan sartu zitzaion senarrari emakume batek, lehenengoak, ekarri zituela gauza atsekabe eta neke, gose-egarri, eri eta heriotza, munduko gora-behera mingarri guztiak. Eba zazpi bider aitatu gabe egun gutxi izaten ziren etxe hartan.

- Aingeru ezpataria neu izan banintz, bera hilko nuen eta kito. Emakumea izan behar zuen gauza ona izateko!

Gehienetan isilik egoten zen ikazkinaren emaztea. Batzuetan, ordea, ez zuen erantzunik gabe uzten.

- Eba, zorioneko eta txarrerako Eba hori, zeure ama ere bazen. Bera, bakarrik egon izan balitz, ez zuen hark bekaturik egingo; baina han zeukan galtzaundia, han zeukan Adan eta jakina! Bata ikusminaz; bestea jatuna, tripontzia, beteezina; eta bien artean sagarra azal eta guzti klak barrura.

Horrelako hizketaldi baten bitartean, batak esan eta besteak erantzun, Eba eta Adan aho minean zutela, errege ehizari bat ikaztegi ondoan agertu zitzaien. Euren zurrumurru eta eztabaida zolia zergatik zen jakitean,

- Gizagaixo handiok, etorri neure jauregira bizitzera -esan zien.

Lotsa gorritan, baina baita pozaren pozez ere, tipi tapa, tipi tapa, zihoazen biak erregearen ondotik. Jauregian sartu zirenerako, halako soineko ederrak jantzi zituzten, ametsetakoak ziruditen logela, lanerako gelak eta jangelak aukeran ipini zizkioten. Erregeak, horiez gain, euren soineko keztatuak eta zaharrak arduraz gorde zitzatela agindu zuen. Euren atseginerako zera erakutsi zien: jauregiari zegokion mugarik gabeko lorategi zabala eta ikusgarria, zuhaitz, lore eta fruta-arbolaz ederki hornitua.

Beste aipagai askoren artean hauxe behin baino sarriago esan zion senarrak emazteari:

- Maria, hamaika bider gaizki esan dizut, Eba zela eta ez zela; baina nire ekinari eskerrak, gu zer nahi eta huraxe daukagula. Bestela zer? oraintxe ere ni txondorra lantzan arituko nintzateke eta zu lapikoan okela puzka prestatzen.

Erregeak hiruzpalau ikustaldi egin zien; eta normala zenez, gero eta pozez beteago eta sinetsi ezinago aurkitzen zituen bere menpekoak.

Behin, aurretik atean hots egin ostean, jauregiko morroi bat sartu zitzaien, besapean zurezko kutxatxo eder bat zeukala.

- Nire nagusia den Erregeak bere izenean kutxatxo eder hau eduki dezazuela nahi du; baina behin ere ez zabaltzekotan. Bestela zoriona galduko omen duzue.

Aulki baten gainean ekarkizuna utzita, burua hiru bider makurtu eta gero, alde egin zuen morroiak.

Emazteari lehen bururatu zitzaion gogoeta: «Zer ote dauka?» izan zen. Burutazio hau, luzaro hausnartuta, senarrari azaldu zion:

- Begira gero, Mari -erantzun zio senarrak-, gauza ori ukitu ere ez dugu egin behar.

Lehenengo eguna nolabait pasa zuten kutxaren berri jakin gabe. Hurrengo eguna zabaldu zenean, orraztu baino lehenago, kutxa ondora hurbildu zen emaztea eta esku biaz poliki goratuta:

- Peru - esan zion ezkon kideari-, arin-arina da. Zer ote dauka?

- Mari, kontuz, begira gero: bestela ....

- Peru, argia sartzeko adina zabalduko dut.

- Ezetz.

- Inork ez du jakingo.

- Urreratzen banaiz, ...

Goizerdian, gosari ederrari betiko bidea eman eta gero, baratzean, batean hara bestean hona, astiro eta galante, bene-benetako handikien eran zebiltzala, emazteak, berriro ere, kutxa aitatu zuen. Esanak esan zuritu zuen Peru: batak zertxobait zabalduko zuen, argi izpia sartzeko doi-doi; besteak barrura ondo begiratu artean.

- Peru, hartu zuk.

- Nik ezin dut, Mari; nahiago dut egur txondorra metatzea, lehen bezala. Dar-dar bizian nago eta.

- Ahula, beldurtia, gizon ere ez zara. Neuk zabalduko dut zirrikitu bat, argitara eramanda.

Marik kutxari estalkia goratu zuenerako, zirrikitu bat eginda, sagutxo txikia buztan-luzea irten, sasi artean sartu eta ezkutatu egin zen. Han zeuden senar-emazteak larri, piztitxoa harrapatu nahian. Errege goian zegoen, zelatatzen. Halako batean, erregeak eztul egin zuenean, berari begira zurbil eta margul gelditu ziren.

- Zer darabilzue horren arduratsu?

- Jauna -erantzun zuen motel-motel emazteak- , jauna: arazo gabe direnak zertan edo hartan denbora eman behar dute eta...

Erregea leihotik barrura sartu zenean, Peruk ahopean Mariari:

- Galduak gaude -esan zion.

Laster batean hurbildu zitzaien erregea. Lehenengo egin zuena kutxa eskuan hartu eta zabaltzea izan zen.

- Non da barruko mutikoa? -galdetu zien.

Peru, isilik,... Mari hitz egin ezinik.

- Non duzue nire sagutxo polita?

- Jauna, nirea ez da errua. Neure emazte ikusminaz, non zer berri ...

- Eba, beti Eba -esan zion Erregeak Mariari.

Peruri gero:

- Eta Adan beti Adan.

Erregea besterik gabe irten egin zen, berehalaxe sartu zen aurreneko morroia, sagua zeukan morroia.

- Erregea nire nagusiak zuen soineko zaharrak ekartzeko esan dit. Jantzi itzazue eta etorri zineten bidean barrena zoazte zuen etxera.

Eta senar-emazte haiek, zatar-zatar jantzita, egur txondorrari su ematen igaro zuten euren hil arteko egunak.

Mercedes N., de Garay.

Created and designed by Euskomedia.org