Imprimir

Orai aspaldi duela, zortzi-bederatzi ehun urthe, Lohibaŕe eta Mikelbaŕeaz bertze etxerik ez-omenzen Mendiben. Loibaŕeko muthila yoan zen egun batez Galharbeko potxara behi batzuen ondotik. Harat hunat zabilalarik harpe batean ikusten du Basa –andere bat, orai Salbatoreko elizan den ganderailua garbiturik, uŕezko oŕaze batekin oŕaztatzen ari zela. Iguzkiak bezala dirdiratzen ere zuelakotz, ganderailua galdatzen dio muthilak Basa-andereari. Basa-andereak ezetz. Bainan azkenean, oyhoizka eta othoizka luzaz ari izan ondoan, ganderailu edeŕa eskuratzen du muthilak eta badoa.

Basa-anderea laster ohartzen da muthilak Salbatorekotzat edeki diola ganderailua eta elizarat buruz doala. Oihu-gaŕasiaka abiatzen zaio ondotik eta hainbertzenarekin Basa-yauna agertzen da gain batean yauzika… heldu hura ere. Muthilak yadanik bere buruaz etsitua zuen eta leherturik heltzen baita Salbatorerat eta oihuka hasten:

―Yondoni Salbatore, zuretzat nuen. Othoi uŕikal zakizkit.

Eta berehala bere baitarik yo eta yo hasten da Salbatoreko zeinua.

Basa-anderea eta Basayauna gelditu ziren kolpez orduan berean eta Basayaunak oihu egiten zion muthilari:

―Baliatzen zauk segur yoare tzar hori yo eta yo eman baita. Bainan barurik lehenbiziko aldian atzamaten hautalarik goemak ihauri.

Handik zonbait egunen buruaz muthila beŕiz badoa mendira, bezperan ogi yoiten ari izanik. Bat batean bihurgune batean yalitzen zaio Basayauna, haŕitzen da mutikoa eta bere buruari hazka emaiten harenak egin duela oraikoan; eta bezperaz geroztik buruan kokaturik erhien artean kausitzen ditu hiruzpalau ogi-bihi, “krak” ahoan emaiten ditu baruraren hausteko eta Basayauna itzali zen eta sekulan gehago ez agertu. Bainan muthila sekulan gehiago ezta barurik igan mendirat. Lohibaŕeko muthilak eŕan bezala egin zuen ganderailuaz. Salbatore elizarat ereman zuen eta han ikus ditake egungo egunean oraino. Bainan ezta lehen bezain eder segurki.

Ahatsan ikasia.

Created and designed by Euskomedia.org