Imprimir
 

Gizon aberats, burutsu, urtetsu batek hiltamuan zegoela, seme zaharrenari hiru burubide hauek eman zizkion. Lehenengoa: etxe aurrean ez ezazu inoiz zuhaitzik sartu. Bigarrena: sasikorik, umezurtzik ez ezazu inoiz semetzat hartu. Hirugarrena: emazteari, inoiz ezkontzen bazara, ez ezazu barruan daukazun guzti-guztia esan.

Aita zuhur eta zaharra hil zenerako ezkondu zen bere semea eta egun gehienetan ehizara joan ohi zen. Aitaren hiru burubideak sarritan etortzen zitzaizkion burura eta, debekatutako gauzak gozoagoak diruditelako edo, hiru erabaki hartu zituen (baina ez guztiak batera), hain zuzen ere, hiru burubide haien aurkakoak.

Emazteari, behin mahaian zegoela,

- Zer iruditzen zain nire asmo hau? – galdetu zion – Aitak etxe aurrean zuhaitzik inoiz ez sartzeko burubidea eman arren, zuhaixka eder batek etxaurrea jantziko lukeela, ez al dun uste?

- Zaharren gauzak! Bai, pinu landare batek ederra geldituko litzateke.

Handik egun batzuetara, pinu landare bat zeukan etxe-aurrean.

Lauzpabost urtetan ezkonduta egon arren, seme-alabarik emazteak ez zekartzanez gero, umezurtz bat semetzat hartzeko gogoa eman zien. Baina horretan hasi aurretik, emazteari iritzia eskatu zion, aitaren burubidea aipatu eta gero.

- Zaharren gauzak! – esan zuen orduan bere emazteak – Soineko guztiak ez dira norberak eginak izaten; horren arabera, antzerako maitasuna izan dezakezu jostunen batek egindakoari. Norberak ez daukanean, aintzat hartu daiteke bai umezurtz bat.

Egun asko igaro baino lehen, han zeukaten etxean mutiko bat semetzat hartuta.

Aspalditik, astean behin atarira etortzen zen Txomin Gorri zeritzan eskalea. Estimu handia hartu zion etxeko jaunak. Berarekin joaten zen ehizara eta erdi morroi, erdi etxekotzat zuen Txomin. Ugazaba berarekin pozik bazegoen, bera ugazabarekin zein eztitan bizi zen edozeinek ulertuko luke.

Aitak hil aurretik emandako hirugarren aholkua sarri zeukan semeak gogoan. Ez zuen inoiz emazteari azaldu nahi izan, bere gurasoaren oroitzapena gorrotagarri izan ez zitzaion. Behin, ehizara zihoala,

- Txomin – esan zion morroi zaharrari -: badakik datorren larunbatean gurean zer egun den. Gure semetzakoa ezkontzen zaigu. Haren emazteak ez dik bizi-laguntzat eskale izandako bat eduki nahi izango. Eta, arren, bai arren! bi edo hiru hilabetetan, gauzak argitu arte, beste nonbait bizi izatea eskatzen diat. Hauxe, bene-benetan eta adiskide moduan nahiko nuke hitaz. Bitartean bizi izateko behar duan dirua neuk emango diat. Beste mesede bat: bizarra hazten utzi ezak eta beste izen batekin bizi hadi, inork nor haizen ez ezagutzeko eran. Eta nik behin edo behin Txomin Gorriri zerbaitetarako deitzen diodanean, agertu hadi. Jaungoikoarengatik, ez ahaztu esandako azken hau.

Ez zuela ahaztuko aginduta eta esker handiz

- Jaungoikoak nire ongile handia onetsi dezala – esan, eta eskuan musu emanez aldendu zen Txomin Gorrik beregandik.

Eguerdi inguruan etxeko jauna bakarrik iritsi zenean:

- Non duzu bada Txomin? – galdetu zion emazteak,

- Emazte – erantzun zion senarrak -, hiretzat ezin dut isilean ezer eduki. Barrua askatzeko bederen esan behar dinat. Goizean goiz, Txomin eta biok ehizara gindoazela, huskeri batengatik, inoiz ez eta gaur, haserretu egin gara eta nik amorrua ezin eutsi, bertan hilda utzi dinat.

- Ene! Zer entzun dut nik?

- Emazte: bioi doakionagatik bederen, ez ezan gaur gertatu den zorigaizto honen berri inori eman.

- Ez nik.

Hurrengo larunbatean semetzakoaren ezteitara adiskide, ahaide eta auzoko guztiak elkartu eta txahalik ederrena hilda, jai handia egin zuten. Bazkal bitartean etxeko jaunak haserrealditxo bat izan zuen emaztearekin eta hezur bat aurpegira bota zion. Emazteak orduan, amorruzko negar artean,

- Gizonak – esan zien bazkaltiar guztiei –, ez al dakizue hau nor den? Ez al dakizue honek lehengo egunean zer egin zuen? Txomin Gorri gizagaixoa haserre baten ondoren bere esku zitalez hil zuen.

Hau entzuterakoan mahaikide guztiak jaiki eta etxetik kanpora bidea hartu zuten. Bertako nagusiak gau hartan espetxean lo egin zuen.

Eta hainbat egunen buruan urkatua izateko epaia eman zuen epaileak. Urkamenditzat etxe-aurreko pinua ederraren adar bat aukeratu zuen.

Arazorik handiena urkatzailea aurkitzea izan zuen legegizonak. Inork ez zuen arazo ikaragarri hori leporatu nahi. Auzoko eta urrutiko, guztiak maite zuten epaitua. Ontzat, bihotz handikotzat, eskuzabaltzat zuten ezagutzen zutenak. Azkenean gizaseme batek horretarako eskaini zuen bere burua, gutxien espero zena, ezkonberriak, nagusiaren semetzakoak. Horretarako hemezortzi mila erreal saritzat izatekotan.

Urkamendira zihoala, bere etxaurrera iritsi zenean, pinu adartsuaren azpi-azpian epaileari hitz egiteko eskubidea eskatu zion.

- Orain nik Txomin Gorri geure artera ekarriko banu, askatuko ninduzuen?

Barre egin zuten askok. Epaileak baietz erantzun zion.

Orduan, bere eskuko bilurrak epailearen baimenez askatu eta pinu gailurrera igoaz,

- Txomin Gorri! – deitu egin zuen

Barre egin zuten askok.

- Txomin Gorri! – bigarrenez

Barre handiagoak eta ugariago. Hirugarren batean gogorrago dei eginda, urrutitik,

- Banator – norbaitek erantzun zuen.

Inor ez zegoen orduan barrerik egiteko gogoz. Ikaraz dar-dar eta ahoa zabalik gehienak. Aurpegia bizar urdinez eta burua Arratiako kapelaz estalirik agertu zen Txomin Gorri, beste bat zirudiela. Bera ikusita, beste mundutik etortzen zela uste zuten gehienek. Ikara gorritan ihesi hasitakoak ere asko egon ziren euren artean.

- E! geldi hemen guztiok – esan zuen etxeko jaunak pinu-adarretatik jaitsita – Entzun nire aitak hil aurretik eman zizkidan hiru burubideak. Lehenengoa: “etxe aurrean ez ezazu inoiz zuhaitzik sartu”. Eta guk urkamendi izateko hauxe sartu genuen. Bigarrena: “sasikorik, umezurtzik, ez ezazu inoiz semetzat hartu”. Eta guk nire urkatzaile hau semetzat hartu genuen. Hirugarrena: “emazteari, inoiz ezkontzen bazara, ez eiezaizu barruan daukazun guztia esan” Eta nik neurearen leialtasuna zenbatekoa zen jakiteko, Txomin Gorriren heriotza gezurrezkoa asmatu nuen. Gizonak, nire Aita bene-benetan izan zen etxe honetako buru, eta burua, zuhurra eta sakona zeukan.

Created and designed by Euskomedia.org