Imprimir

 

Deba inguruko etxe entzutetsu baten izena zen hau. Jabearena berriz Beltran Perez de Alos. Bi aldiz ezkondu zen. Lehenengo emaztearekin alaba bat izan zuen: ederra, galanta eta ona. Alos-Usoa izena eman zioten. Bigarren emazteak bi alaba eman zizkion Beltrani. Amaordeak gaizki hartzen zuen Usoa.

Beltranek, alaba maitea atsekabe horien artetik ateratzearren, beretzat senargai bat begiz jo zuen. Eztei-egunetan Beltran, Alos utzita, mairuen kontrako gudaldi batera joan zen eta zazpi urte luzez egon zen etxeratu gabe.

Alosera itzuli zenean, berri izugarri batek mindu zion Beltrani bihotzak: bera mairu hiltzen ibili zen urte haietan sasiko seme bat Alosen jaio zela; eta haur berri honen ama bere emaztea ote zen, bere alaba Usoa ote zen. Usoaren amaordeak zabaldu zuen bigarren gezurrezko uste hau.

Egia garbi-garbi ezagutzeko, burutazioa izan zuen Beltranek: bere burua hiltzat egitea. Alostorreko zaldunaren heriotza lister zabaldu zen inguru haietan. Gaubeilara, ahaide eta adiskide, lagun asko bildu ziren.

Garai hartan, hildakoak erostatzen zituzten, ez bakarrik gorputza lurpera eramaterakoan, bai eta gaubeila bitartean ere.

Beltranen lehengo alabari txanda heldu zitzaionean, zegoen lekutik jaiki, zerraldora hurbildu eta bere aita maiteari bekokian musu eman eta gero, hitz hauekin kantatu zuen bere eresia:

Alostorrea bai, Alostorrea,
Alostorreko eskailera luzea!
Alostorrean nengonean goruetan
Bela beltza kua kua kua kua leihoetan.

Bela Beltz sasiko mutilaren aitak zuen ezizena eta bera ere sasikoa zen, Beltranen lehengusu baten semea.

Usoa luzaro egon zen hildakoa erostatzen, eta bere ezpainetako hitzak argi agertu zuten Aloseko mutil gaizki jaioa etxeko andrearena zela.

Orduan jaiki zen hau eta, berak keinu eginda, bere senar-orde Bela Beltz ere bai; eta bien artean Usoa hiltzera zihoazela, zerraldotik atera zen Beltran eta berehala Bela Beltzi bizia kendu zion.

Created and designed by Euskomedia.org