Imprimir

Gernikako Batzar etxea, ahaldunez eta kuxkuxeroz bete beterik zegoen goiz batean, idazkaria, ohi zuenez, ahaldunei banan-banan dei egiten hasi zen, Mundaka lehenengo aitatuaz, guztiak entzuteko, eta bakoitzak bere ezaugarria mahai burukoari erakusteko. Mendexa entzun arazi nahi zenean, Mendexako Fidela (orduko Ordezkariak orain alkateak dira) mahai aurrera agertu zen.

- Ea paper horiek, Mendexa.

Golkotik bere ahaldun izena ateratzen zuen bitartean, arto zati bat eta hiru sagar gezamin erori zitzaizkion lurrera. Gorputzari zirkinik ez, eta aurpegiari keinurik eragin gabe esan zuen:

«Hemen da Maria gureak
niri prestatutako gosaria
hiru sagar gezamin eta arto zatia.»

Barrez hasi ziren, euskaldun eta euskaldun motz ziren batzarkide guztiak. Lehenengo batzar aldea amaitu zenean, askok, jarraitu egin zioten gure Fidel honi ostatua hartu zuen tabernaraino. Euren arteko berritsu samarrenak:

- Mendexa -esan zion-; azken egunean zuk emango diozu ostalariari eskupekoa!!!

- Bakoitzak al duena emango dio.

- Mendexa -esan zion beste batek-: Bilbon gatzari harrak egiten zaizkio eta zuk ba omen dakizu horiek nola kendu.

- Horixe bai. Inoiz umerik egin gabeko mandoaren esneaz akabatzen ditugu har horiek, uraz soinekoen orban eta makulak bezala.

Hau entzutean, ahaldun batzuk elkarri keinuka zioten: Nork nori joko diogu adarra, gu bostak beroni ala beronek guri?

- Mendexa: zuen herrixkan seguru ez dagoela zu baino gizon burutsuagorik.

- Bai eta, ez gutxi. Hura berriz beste arazo handiago batzuetara zuzendu ohi da. Zuengana, neu, gizagaixo hau, bidali naute.

Hau entzun eta gero, bat baino gehiago gelditu zen baserritar ahaldunari lotsa gehiagoaz begira.

Azken egunean gure Mendexar hau ostalariarengana isilean agertuta, hitz hauek esan zizkion:

- Ekar ezazu hamaseiko bat, zure mesedean izango da eta.

Bazkalostean kontua eskatu zuenean, ahaldun asko (beste ostatuetan zeuden batzuk ere bai) etorri egin ziren, adi-adi, Mendexak zenbat emango zion jakin nahian.

Etxekoandreak kontua erakutsi zionean, lau zurikoa eta maraikoa eman eta gero, poltsikotik hamaseiko ederra aterata, mahai gainean hots zoli-zolia eraginaz,

- Hona hemen nire eskupekoa -esan zuen-. Gizon jakitun aberats apainduok gehiago emango dizue. Ni gehiagora ez naiz heltzen.

Batzuk, lotsaren edo, ontzako bana eman zioten eskupekotzat.

Teresa N., de Zaldua

Created and designed by Euskomedia.org