Imprimir
 

Erregea bizi zen hiri eder baten inguruan leize handi bat zegon eta leize hartan suge izugarri bat gordetzen zen, zazpi buruko sugea, izenez herensugea esaten zioten eta. Jende handia irensten zuen sugetzar horrek. Herriak herensugearekin hitzarmena egin zuen: urtean neskatxa bat izango zuela, besteei barkatzeko.

Zein neskatxa herensugeari emango zitzaion jakiteko, zotzetara egin zuten etxeko jaun guztiek eta erregearen alabari egokitu zitzaion. Erregeak orduan bere erresuma osoan jakinarazi zuen, herensugearengandik bere alaba bizirik aterako zuena, berarekin ezkondu eta erregegai egingo zuela.

Eguna iritsi zenean, erregearen alaba sahats batean estekatu zuten. Ikusnahi ugari inguruetako zuhaitzetara igo ziren. Bat bera ere ez zen ordea lurrean. Herensugea agertu baino lehenago, artzain bat, zakurra ondoan zuela, toki hartara heldu zen. Neskatxa estekatuari,

―Zer ari zara? – galdetu zion.

Erregearen alabaren ahotik hango berri izan zuenean, zuhaitz gibelean eseri zen, zakurra ondoan zuela.

Herensugea burrunbaz berehala agertu zen. Artzainak orduan bere zakurrari

―Zesar, harrapa ezak - esan zion.

Eta zakurra piztia harrapatu eta zatikatu zuen. Neskatxa berehala askatu zuen artzainak. Inguruetako zuhaitzetan ziren errege-mirabeak jaitsi eta euren nagusi gaztea zazpi gonaz jantzi zuten eta gizon gazte batek herensugearen zazpi buruak ebaki eta zorro handi batean etxera eraman zituen. Zorroan sartu orduko, artzainak buru bakoitzari bere mingaina kendu zion eta andere erregearen alabak zituen gona zatitxo bana ere bai.

Jan-edan handi bat eman zuen erregeak, eztei-aurreko bazkaria. Mahai buruan bera, erregea bere alaba eta alabaren senargaia zeudean eserita. Zazpi buruak zorroan eraman zituenak zen senargai hau. Inork, erregearen ingurukoa ez zuen artzaina bazkalkide izateko deitu. Azken aldera eta isilik, zakurra lagun zuela, agertu zen hura ere. Hiru aldiz igorri zuen bere Zesar plater baten bila.

Erregearen alaba bera ikusiz, izutu zen, zakurra ezagutu bai zuen. Erregeak zakur hura esteka zezatela agindu zien bere mutilei. Zakurra bere nagusiarengana joana zen ordurako, artzainarengana. Hau orduan jaiki eta erregearen aurrean agertuz hitz hauek esan zituen.

―Nire zakur honek akabatu du herensugea. Ni naiz beraz, erregeak agindu bezala, bere alabarekin ezkondu behar dudana.

Zalaparta izugarria sortu zen. Mahaian zegoen senargaiak herensugearen zazpi buruak erretilu handi batean erakutsi zituen,

―Nik hil dut – esanez.

―Buru horiek zerbait behar dute – gaineratu zion artzainak. Hona hemen horien zazpi mihiak, neskatxaren zazpi gonen zatietan gordeak izan ditudanak.

Bera izan zen neskatxa haren senar eta erregearen suhia eta ondorengoa.

Dantxarinea (Ainoa)-ko seme Etxarteri entzuna.

Created and designed by Euskomedia.org