Beste garaian Basaburuko herri batean amerikano bat bizi zen, gizen bezain aberats, aberats bezain gizen. Egun batean mandoa ferratzera joan zen. Aroztegian mandazaina batekin topo egin zuen, hura ere mando-ferratzera joana. Oihuka hasten da mandazaina, ez zela haren indarreko beste gizonik. Orduan amerikanoak:
- Hi hain indartsua haizela? To! Jokatzen diat zeinek kargatzen duen kintala mando gainean lehenengo
Mandazainak:
- Bai eta bai. Joka ditzagun gure mandoak.
Badoaz errotara (ondoan baizen) eta launa kintaleko bi kargak bereizten dituzte, bakoitzak bi zaku gari. Kargatzen hasten dira arotza eta errotaria lekuko. Azkar kargatzen du mandazainak lehen zakua; baina bestea mugitzen ez zela ikusirik, esaten dio:
- Gero, hitza hitz! Ez dago orain atzera egiterik
Amerikanoak irri batekin:
- Bai, hitza hitz! Jarraitu aurrera
Bitartean mandoaren gainari esku batez heltzen da eta plau! bizkarrean jartzen zaio hanka-lepo, esanez:
- Horra nire mandoa lau kintal bizkarrean
Amerikanoak irabazi zuen, lau kintal baino gehiago pisatzen baitzuen bere tripa handiarekin. Baina, bigarren mando baten beharrik ez zuenez, utzi zuen mandazaina ardo pitxer baten truke. Eta lauren artean edan zuten.
Johanes Jaureguiberry de Atharratze.
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue