Imprimir
 

Basamortu batean lehoi emea bizi zen bere semetxoarekin. Gizonen batzuk senarra hil ziotelako edo,

―Gizonen beldur izan hadi – esaten zion behin eta berriro semeari–, indartsua haizela eta ez hadi harrotu … gizonak gogorrak dituk … gizonen beldur izan hadi beti.

Lehoikumeak handi eta indartsu egin zenean, basamortutik irtenda, gizonak aurkitu nahirik batera eta bestera zebilen. Amak jakin gabe edo behintzat bere gogoaren kontra hartu zuen gazteak erabaki hau:

―Oraingoan gizonak ezagutu behar ditut – horixe zen buruak gehien ematen zion ustea.

Halako batean hiri txikitxo batera heldu zen. Lehoia zapataginaren denda aurrera heldu zenean, hango zapatariak, haren ikara piztia ikusita!!!

―Egun on – edo horrelako zerbait esandakoan–, gizona haiz? – galdetu zion abereak.

―Ni, ez, zapataria ni.

Aurrerago, hiritxoan sartuta, abarka beltzak jantzita gizon txiki bat ikusi zuen basabereak. Galdera berdina hari ere:

―Gizona haiz?

―Ni … ni … ni … sakristaua.

Ikaraz bertan hil ez zenean!!!

Lehoiak santuen berririk ez zuen basamortuan ikasi eta ez zekien San … Kristau hori zer santu mota zen.

Errekondora gerturatu eta ate zahar batetik begiratuz olagizon batzuk agertu ziren, euren lurrerainoko estalki handiak soinean zituztela, labe sutsu eta agoa handi baten ondoan,

―Aaaaaaup!

Orro hau entzunda, olagizonak ileak azkortuta zituztela ate aldera begiratu zuten.

―Gizonak zarete? – esan zuen abere berrizalea.

―Bai, gizonak gaituk. Zer nahi duzu?

―Gizonak ezagutzera natorkizue bada.

―Itxaron apur bat, agoa hau atera arte.

Agoa atera zuenean, leiho-zirrikitutik muturra sartuta zegoen lehoia eta olagizonak, kurrika handi batzuekin sudur-trenkada hartu eta kendu zioten.

Lehoia, sudur-trenkada haien eskuetan utzirik, askatu eta korrika joan zen basamortura bere amagana.

―Ama, zenbat hatz dauzka gizonak? – galdetu zion lehoi gazteak zaharrari.

―Hamar hatz eta beste hamar behatz.

―Zuzen zinen, ama, gizonen beldur izatea esaten zenidanean. Bi hatzekin sudur-trenkada osorik kendu badidate, hamarrekin heldu bazidaten, zer izango ote zen, ama?

Orduz geroztik lehoia gizonaren ihesi ohi dabil.

Juan Uriarte (Barna de Guellano / Lenitz)

Created and designed by Euskomedia.org