Imprimir

Gazteleraz | Euskara batua

Gizon eukitsu, burutsu, urtetsu batek, iltamuan egoala, seme zaŕenari iru burubide onek emon eutsazan. Lenengoa: etxe-auŕean ezegik inoiz ondoskorik (zugatz-landararik) sartu. Bigaŕena: sasikorik, uriko umerik, ezegik inoiz semetzat artu. Irugaŕena: emazteari, inoiz ezkondu baadi, ezegiok euk baŕuan daukan guzti-guztia esan.

Aita zur ta zaŕa il zaneko ezkondu zan bere semea ta egunik geienetan eizara yoan oi zan. Aitaren iru burubideak saŕi askotan etorten dakazan gomutara ta, eragotziriko gauzak gozoago dizudielako edo, iru erabagi artu ebazan (guztiak baten!, ez oŕegaitino), ain zuzen bere, iru burubide aren aurkakoak.

Emazteari, bein maian egozala,

—¿Zer deritxan nire asma oni? —itandu eutsan--. Aitak etxe-auŕean ondoskorik inoiz ez sartzeko burubidea emonaŕen, zugatz eder batek etxeauŕea yantziko leukeala, ezton uste?

—¡Zaŕen asmoak! Bai, ler azitxo batek or ederto emongo leuke.

Arik egun batzuetara ler-landara bat an euken etxe-auŕean.

Lau-bost urtetan ezkonduta egonaŕen, seme-alabarik emazteak ezekartsanezkero, uriko bat semetzat artzea gogoak emon eutsan. Baina ezetan asi-orduko, emazteari oŕetarako eritxia eskatu eutsan, aitaren burubidea aitatuta gero.

—¡Zaŕen asmoak! —esan eban orduan bére emazteak—. Soineko guztiak eztira norberak eginak izaten; au gora-bera norberak eginikoai langoxe maitetasuna izaten dake yostunen batek egindakoai. Norberak eztaukanean, aintzat artu leike bai uriko ume bat.

Egun asko igaro baino lenago an euken etxean mutilko bat semetzat artuta.

Aspaldion atarira astean bein Txomin Goŕi eritxon eskeko bat, Jaungoikoaren deiko bat, etorten daken. Lege andia artu eutsan etxeko jaunak. Beragaz eizalagun erabilten eban eta erdi-moŕoi erdi-etxeko lez an euken eurakaz Txomin. Ugazaba beronegaz pozik baegoan, berau ugazabagaz zein eztitan bizi zan edozeini otu lekio.

Aitak ilauŕean emoniko irugaŕen burubidea saŕi erabilen semeak gogotan. Ezeutsan inoiz emazteari azaldu nai izan, bere gurasoaren gomutea goŕotogaŕi izan etzekion. Bein eizara yoazala,

—Txomin —esan eutsan, moŕoi zaŕari—: badakik datoŕen zapatuan gurean ze egun dan. Geure semetzakoa ezkontzen dakuk. Aren emazteak etxok bizi-laguntzat eskeko izandako bat euki nai izango. Ta ¡aŕen bai aŕen!, bi edo iru ilebetetan, gauzak argituarte, beste non- bait i bizi izatea eskatzen dauat. Auxe bene benetan ta adiskide modura igandik gura ñeukek. Bitartean bizi izateko bear doan dirua neuk emongo dauat. Beste mesede bat: bizaŕari azten itxiok eta beste izen bategaz bizi adi, iñok nor aizan ez ezagutzeko eran. Eta nik bein edo bein Txomin Goŕiri zerbaitetarako ots egin dagiodanean agertu adi. Jaungoikoaŕen ezeik gero azken esaniko au aztu.

Ezebala aztuko eskeiñita esker andiakaz ta

—Jaungoikoak nire ongile andia zoritsu egin dagiala —esan, ta eskuan mun eginaz aldendu zan Txomin Goŕi beragandik.

Eguerdi-inguruan etxeko jauna bakaŕik eldu zanean:

—¿Non dozu bada Txomin? —emazteak itandu eutsanean,

—Emazte —erantzun eutsan senaŕak—, iretzat ezin euki dagikenat nik isileko gauzarik. Baŕua azazkateko bére esan bear daunat. Goizean goiz, Txomin ta biok eizara goazala, utsagaitik, inoiz ez ta gaur, asaŕatu egin gozana ta nik neure amuŕua ezin eukita, bertan ilda itxi donat.

—¡Ene! ¿Zer entzun dot nik?

—Emazte: bioi doakunagaitik bére ezeikion gaur yazo dan zorigaitz onen baŕi inori emon.

—Ez nik.

Uŕengo zapatuan semetzakoaren eztegura adiskide, aide ta auzoko guztiak batu ta txalik edeŕena ilda, zauta andi bat egin eben. Bazkal- bitartean etxeko jaunak berariz asaŕalditxo bat izan eban emazteagaz eta azur bat arpegira yaurtigi eutsan. Emazteak orduan amuŕuzko negar-artean,

—Gizonak —esan eutsen bazkaltiar guztiai—, ieztakizue au nor dan? ¿Eztakizue onek lengo egunean zer egin daban? Txomin Goŕi gizagaixoa asaŕe baten ondoren beronen esku zitalez il dau.

Au entzueran maikide guztiak yagi ta etxetik kanpora-bidea artu eben. Bertako nagosiak gau atan kartzelan (baitegian) lo egin eban.

Ta egun batzuren buruan urkatua izateko epaia emon eban epailariak. Urkamenditzat etxe-auŕeko ler edeŕaren besanga bat begiz yo eben.

Arazorik andiena urkatzailea aurkitzea izan eban legegizonak. Inok ezeban arazo ikaragaŕi ori leporata nai. Auzoko ta uŕungo, guztiak maite eben epaitua. Ontzat, biotz andikotzat, esku-zabaltzat euken ezagutzen ebenak. Azkanen buruan batek bere eskua oŕetarako eskini eban, gitxien uste izateko zanak, ezkon- baŕiak, nagosiaren semetzakoak. Oŕetarako amazortzi mila eŕeal saritzat izatekotan.

Urkamendira eroela, bere etxeauŕera eldu zanean, ler adartsuaren azpi-azpian epailariari, itz egiteko eskubidea, eskatu eutsan urkatzekoak.

—Orain nik Txomin Goŕi geure artera banekar, ¿yara egingo nendukezue?

Baŕe egin eben askok. Epailariak baietz erantzun eutsan.

Orduan bere eskuetako bilutak (burdin-katetxoak) epailariaren baimenez askatu ta ler-burura igonaz,

—Txomin Goŕi —dei egin eban berak.

Baŕe egin eben askok.

—Txomin Goŕi —bigaŕenean.

Baŕe andiagoak eta ugariago. Irugaŕenean len baino gogoŕago deia eginda, uŕuntxotik

—Banator —norbaitek erantzun eban.

Inor ezegoan orduan baŕerik egiteko taiuan. Ikaraz dardar ta agoa zabalik geienak. Arpegia bizar urdinez ta burua aŕatiar-kapeleaz estaldurik agertu zan Txomin Goŕi, besteren bat zirudiala. Bera ikusita, beste mundutik etoŕiren bat zala uste eben geienak. Ikara goŕitan igesi asita bére asko egozan euren artean.

—E geldi emen guztiok —esan eban etxeko jaunak ler-adaŕetatik yatsita—. Entzun nire aitak il-auŕetxoan emon eustazan iru burubideak. Lenengoa: «etxe-auŕean ezeik inoiz ondoskorik sartu.» Eta guk urka-mendi izateko auxe sartu genduan. Bigaŕena: «sasikorik, uriko umerik, ezeik inoiz semetzat artu.» Eta guk nire urkatzailenai au semetzat artu genduan. Irugaŕena: «emazteari, inoiz ezkondu baadi, ezeiok euk baŕuan daukan guzti-guztia asan.» Eta nik neurearen kirmentasuna nora-giñokoa dan yakiteko, Txomin Goŕiren eriotza guzuŕezkotxoa asmau neban. Gizonak; nire Aita bene-benetan izan zan etxe onetako Buru (nagosi zalako) ta Burua, zuŕa ta sakona eukan-da.

N. Ajuria (Olaeta /Aramaio) 

Created and designed by Euskomedia.org