Behin bazen otso bat Eskualheŕiko mendi baten gainean. Baginakike ere, behaŕez, eŕaiteko xuxen, zoin mendiren gainean. Otso haŕek adin bat bazuen; yadanik zangoak uzkurtzen, tontotzen hasiak zituen eta hortzak ere ba muthisten, eta zonbeit yadanik eroriak. Alta bada denboran ihiztari zalhu eta erne izana zen. ¿Zonbat ardi eta bildots etzituen laŕutu eta yan? Bainan egia da zahartzeak eztuela deus onik, bereziki ihiztarientzat. Han zagon beraz otso gaizoa, goseak aŕaildua, hezuŕak laŕuaren barnetik ageri; gogoetatua zagon, ez yakinez zer egin, bildotsño baten bederen hatzemaiteko. Bainan otsoa uŕunetik ikhusi bezen laster ardiak eta bildotsak ihesi zoazin. Bertze alde artzainek eta xakhuŕek etzuten uzten arthal- dearenganat hurbiltzera. ¿Zer egin bizitzeko?
Huna gogora zer heldu zitzaion. Egun batez arthalde guzia etzanik lo zagolarik, itzal azpi batean ardiak lo, artzaina lo, xakhuŕa lo, oro lo, emekiño hurbiltzen da otso hori; ebasten diozka artzainari bere soinekoak, oinetakoak eta bere makhila. Hantxet ezartzen ditu berak bere soinean artzain gaizoaren phildak; eta xutik, gibeleko aldeaz luŕari, bi besoez makhilari buru batetarik lothua dagolarik, gizon bat bezala, bere baithan egiten du:
—¡Zer den ordean burua yokhatzea! ¿Nola bada etzaiote lehenago gogoratu ene idurikoer, otso batentzat, guriki eta belduŕik gabe bizitzeko, biderik hoberena artzain egitea dela?
Bere buruarekin iŕiz zagon, ezpainak milikatzen zituen eta iduritzen zakon ardi hetarik egunean bat osoa yanik ere, behingo ona bazuela. Bainan ederki baino ederkiago egin nahiz, hoŕa nun burura heldu zaion ardien biltzeko, artzainak bezala xixtu egin behar duela. Eta xixtu nahiz ahoa zabalduz xixtu-ordez oŕo izigaŕi bat entzun arazten du, inguruetako mendi-haŕoka guziak inhaŕosten dituena. Hainbertzenarekin ardi guziak, artzaina eta xakhuŕlotarik irazartzen dira.
—¿Zer deabru dugu hau? ―dio artzainak, bere burua buluzia eta otsoa haren phildez yabetua ikhusiz.
Haŕitua zagon, bainan kapusailaren azpitik otsoaren buztana ageri zela ikhusi zuenean, yauzi batez bere makhila khendu zion aztapaŕetarik otsoari.
—Huia, potzo, huia ―eŕanez makhila-ukaldika, zinpi-zanpa, yo zuen.
Ardiak igesi yoan ziren mendi-aldera. Xakhuŕak haumaka eta klisk klask ausikika otso gaixoa odoletan ta burua makhuŕik igoŕi zuten.
Donazaharren (Garazi) ikasia
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue