Imprimir

Antzina, belar, txori, abere eta piztiek euren hizkuntza ahaztu baino lehenago, errege bat bizi zen, gizon zintzo, buru-argi, bihotz handi, mendekoek maite zuten erregea. Seme bat zeukan eta bera alper, harro, bihotz-gogor, mendekoen ardura gabea. Txanpon baten aurrea eta atzea baino bereziagoak ziren aita-seme haien izateak. Aitaren ontasun guztien artean agiriena mendekoak seme-alabatzat bezala hartzea zen. Semearen gaiztakeri ezagunena berriz mendekoak aintzat ez hartzea zen, beste gisa bateko izakitzat jotzen baitzituen. Ez dago zertan esan aita maite-maite zutela herri hartako lagunek, semea aldiz ez.

Aitak semea nolakoa zen jakin arren maite zuen, eta maite zuelako gau eta egun gogoetan egoten zen hura nola zuzendu eta onduko zelakoan. Atso bat txabola baten bakar bakarrik bizi zen, berarekin bizi ziren lau edo bost katu zahar laguntzat hartu behar ez badira behintzat. Atso hau gehienek sorgintzat zeukaten.

Erregea ehizara joan zen egun baten eta erbiz eta oilagorrez eta basahuntzez ondo zamaturiko morroiak aurrera bidaliz, sorgintzakoaren txabolan sartu zen. Arratsalde onak elkarri eman, sutondoko aulki zahar baten jarri eta gero agertu zion atsoari erregeak bere atsekabea: semearen gaiztakeria. Eta osagarri baten bila sartu zela esan zionean atsoak lau katuei lepoa laztandu eta gero, esan zuen:

-Semea, gaitz horretatik osatu eta zure bihotza atsegindu nahi izanez gero, ipini iezaiozu semeari bere odola begien aurrean. Ezagutzen badu, zure errukirako, errege! Ezagutzen ez badu, osatu egindo da eta zu atseginduko zara. Ez dakit gehiago.

Inolaz ere ez zuen atsoak saririk hartu nahi izan.

Gau hartan eta hurrengo askotan egon zen erregea loari buruan leku eman ezinik. Nola leku eman, gogoetaz beterik bazeukan? Egunez ezertarako gogorik gabe bizi zen: mahaian jan gabe, lagun artean kopetilun, zutik loguraz, etzanda edo oheraturik berriz lo egin ezinik. Zoratu ez beste guztia eragin zion gogoeta honek: «Nola ipiniko diot nik semeari begien aurrean bere odola? Maite ditut neure mendekoak, baina maiteago semea, eta mendekoen mesedean, semearen odola isuriko dut? Ez.»

Erruki izatekoa zen erregea egun haietan: erkin, makal, zurbil eta indarrik gabea. Gutxien uste zuenean agertu zitzaion behin semea eta esan zion:

-Aita, esatea ere lotsa ematen dit, baina esan bear dizut. Aspaldidanik, zuri ezer esan gabe, ezkonduta egon naiz. Gaur nire emaztea ama da eta zure semea aita.

-Zer esan nahi duzu horrekin?

- Biloba bat daukazula. Nire ezkontza, isilekoa izan arren, bidezkoa da; emaztea bidezkoa dut, bidezkoa semea. Eta zuk semetzat nauzun hartu bezalaa, nire emaztea erraina eta semea biloba izatea nahi baduzu, bihartik aurrera zure jauregian biziko gera.

- Beste ama-seme batzuk izanez gero, oraintxe erakutsiko nizuke nire erabakia; baina ama-seme horiek etorkizunean errege eta erregina izan daitekeenez gero, bihar esango dizut esan behar dudana.

Gau hartan erregeak herriko jakitun handienei hots egin eta esan zien:

-Bihar goizerako erantzun behar didazue nire bi galdera hauei. Lehenengoa: Nola ipini diezaioket nik bere odola neure seme maiteari begien aurrean, neure izen onaren kalterik gabe? Bigarrena: Nola ipini diezaioket nik neure herri maiteari begien aurrean neure semearen emazte eta semea, oraindik nortzuk diren ez dakidan ama-semeak?

Hurrengo egunean berriro batu ziren errege eta jakitunak. Hauetariko batek guztien izenean esan zion:

- Errege: zeure izen onaren kalterik gabe, seme maitearen odola bere begien aurrean ipini nahi baduzu, hartu ezazu zeure erraintzat semearen emaztea eta bilobatzat semearen semea. Gero hartu ezazu zeure eskuetan bilobatxoa eta ipini zeure semearen aurrean. Honelaxe zeure izen onaren kalterik gabe eta bihotzeko atsegin handiaz zeure semearen odola bere begien aurrean ipini dezakezu.

Erregeak jakitun honi, esker handiak eman eta gero gelara dei egin eta esan zion:

-Nire galdera biak hain erraz eta egoki erantzutea erabaki duzunez gero, esan iezadazu orain neure semearen gaitza nola osatu dezakedan. Zuek gurea bezalako odola ez duzuela uste du, ez zaretela gu bezalako gizonak, eta zuek ez duzuela guk adina hartu behar.

-Errege: umetxo hori dakarrenean, hementxe egongo naiz eta nolakoa den ikusi eta gero zer egin behar den erabakiko dugu.

Biharamunean jakitun hau, Erregeren jauregitik irtenda, eguerdira arte etxez etxe ibili zen. Eguzkia gaineratu orduko arrapaladan, ume bat besapean ezkutuan zeukala, berriro erregearengana heldu zen. Sehaska batean soineko berdinaz ipini zituen ume biak: erregearen biloba eta jakitunak ekarria. Erregearen semea jaiki zen halako batean eta semetxoa ikustera joan zen; ez zekien, baina, semea zein zen. Honetan zegoela erregea agertu eta zalantzaz ikusirik hitz eder hauek aurpegiratu zizkion:

-Ez duzu bada esaten gu besteak bezalakoak ez garela? Gure odola eta besteena berdinak ez direla? Esan iezaguzu ume hauetatik erregezko odolduna zein den?

Erregeak berak esan ez balu, bere seme harroak ez zuen igarriko. Handik hilabete bi edo hirura erregegaia gaixotu eta mediku bati hots egin zioten.

Honek odola atera behar ziola esan zion, eta atera bere bai.

Erregea orduan, morroi baten odola eta semearena elkarren ondoan ontzitxo banatan ipintzeko medikuari esan zion:

-Maisua, hauetatik odolik garbiena zein den esan iezaguzu.

Medikuak bata eta bestea ondo ikusitakoan, hauxe da askoz garbiagoa eta hobea (morroiarenagatik esan zuen).

Erregek haren gainean semeari gauza onak esan zizkion; eta aurrerantzean asko ondu zen semea.

Askok uste izan arren
jatorria dela
gizon bat gizartean
goratu ohi duena,
eta odol urdina edo urdin antzekoa,
dela handitasunaren
ezaugarri ona,
Nor nor den, Marinasi,
ezagutuko duzu;
emanagatik zuhaitza.
eginagatik gizona.

 

 

 

Created and designed by Euskomedia.org