Imprimir

Gau batez, goiz aldera, goraxeago den oihanetik ohartu ziren artzain batzuk argi bat bezala Salbatoreko elizan zegoela. Ondoko gauean tenore berean argi berari ohartu zioten berriz artzainek eta hala gero aste oso batez. Laztura batek hartu zituen eta jadanik aipatu zuten bazkal tokiz aldatu behar zirela. Baina toki eder hura uzteak ere dolu egiten eta elkarri esanez hasi ziren ikusi behar zutela lehenik argi hura zer ote zitekeen.

Etxolan beti begiratzen zuten, ur bedeinkatuarekin ongi zeinaturik eta makila azkar bat eskuan zutela, arrosarioak esaten abiatu ziren guztiak batera goizalde batez. Argia laster ikusi zuten beti bezala eta haien zakurrek atzera egin zuten, zaunka eta zaunka ari zirela. Ez gutxiago izutuak, artzainak: bitartean hurbildu egin ziren, eskuak elkarri emanik orok bat egiteko. Ikaran beraz, inork bidean deusik atzeman gabe, elizara heltzen dira eta beti bezala itxita ikusten dute. Poliki poliki haietariko bat benturatzen da sarrailatik behatzera eta mututurik gelditzen da. Haren lagunek begiratzen dute hark bezala eta harrituta daude haiek ere. Aldareko argiak pizturik, mezaren emateko soinekoak gainean, apaiz bat bazen han zutik aldarearen aurrean. Artzainek soinuren bat atean eginik, atzera begiratu zuen apaizak eta gero berehala, itoka bezala, hasi zuen bere Meza: Introito ad altare Dei. Eta artzainetako batek, zer esaten zuen ia jakin gabe ere, kanpotik erantzun zion ahalik eta hobekien. Eta gero, artzainek et cum spiritu tuo edo Amen esan zioten, beti apaizak segitu eta akabatu zuen bere meza, eta ez artzainek nahi baino lasterrago.

Noizbait meza akabatu zenean, apaiza itzuli zen ateari begira eta pozik oihu batean esan zuen:

- O mila esker, arima onak nor ere bazarete! Hainbeste urte hauetan zain egon naiz, meza hau esan beharrez, zeruan sartzeko. Inor ez zegoen hemen sekulan niri erantzuteko. Mila esker berriz ere. Ez dizuet zerutik ahaztuko.

Eta horrenbestez suntsitu egin zen apaiza. Sekulako bildotsak izan zituzten urte hartan gure artzainek. Baina ez toki hartan bertan. Bazkaz aldatu ziren biharamunean berean.

Lo aprendi en Ahatsa de Garazi {BN).

Created and designed by Euskomedia.org