Emazte bati, bigarrenez ezkonduta zegoelarik, eskale herren bat agertu zitzaion zerbaiten eske. Emakumeak nongoa zen eta nondik zetorren galde egin zion.
- Zerutik Jaungoikoaren baimenarekin heldu naiz-, erantzun zion-, hemen jende honen artean ea zerbait biltzen dudan, gero gauza horiekin egokixeago izateko.
Emazteak harriturik:
- Zer! Zeruan zaudetenok zerbaiten beharretan aurkitzen al zarete?
- Bai, emakumea. Han ere ez gara guztiok berdin. Gauza asko duena gutxi duena baiño hobeki.
- Nire senar lehenbizikoa nonbait han dabil. Ezagutzen al duzu?
- Nola du izena?
- Peio Bidegain.
- Ezagutzen?. Nire lagun mina da.
- Eta nola da bera?
- Bada hura ere hala nola, zerbait hartzeko gertu, emaileren bat balu.
Andreak orduan goitik kutxatila batean zeuzkan ontza urre batzuk ekarri zizkion, bere senar zenarentzako emanez. Besteak pozik hartu eta esan zuen:
- Ontza urre hauek haren eskuetara zuzen helduko dira eta oroitzapen honen bitartez zure senar Peiok izan behar duen atsegina, hura izango da atsegina!
Orduan eskale herrena joan egin zen.
Eguerdian bere lanaldia eginik emazte horren bigarren senarra etxera itzuli zen eta etxeko andre harrituaren ahotik hitz hauek entzun zituen:
- O Migel! Nire Peio zenaren berriak izan ditut: zeruan omen da, bai; baina ez hemen esaten duten bezain ongi.
- Nork eman dizu berri hori?
- Eskale herren batek, Jainkoaren baimenaz zerutik jaitsi den batek, eta nik ontza urre batzuek nire senar zenarentzako eman dizkiot.
- Zein bide hartu du gizon horrek?
Emaztearengandik hau jakin zueneko, hitz bat gehiago esan gabe, etxean zuen zaldi ederra azpiko hartuz, emazteak erakutsitako bidean barrena laugainka atera zen, urreak gizon berritsuari kentzeko asmoz. Mendixka baten goitik zihoan eskalea laster ohartu zen atzetik nor heldu zitzaion; eta bere burua ezkutatzeko astirik izan ez zuela ikusirik, harri mutur baten gainean jarri zen. Gainean zuen berehala zaldizkoa.
- Ikusi al duk, adiskidea, eskale herren bat bide honetan doala?
- Bai, ene gizona, ikusi dut eta norbaiten beldur zela asmatu ere bai. Atzera begira eta laster, atzera begira eta bizkor zihoan eta besterik ezin eginez, horko bidezidor horretan sartu da: ez daiteke urrun izan. Orduan zaldizkoak:
- Otoi! Zaldi hau edukiko didazu? -esan zion.
- Bai eta atsegin handiz ere. Zuk herren hori bilatzeak, nire bihotza zabal-zabal egingo du.
Gure gizona sasian sartu eta hango zoko-moko guztiak behatzen zebilen bitartean, bestea ahal zuen bezala zaldi gainera igo eta lasterrari eman zion. Bidezidorreko behatzailea bere soineko guztiak urraturik ordu laurden baten buruan bideratu zen eta bakarrik zegoela ohartu zenean, besteak ziri ederra sartu ziola konturatu zen. Bihotza ilunik etxeratu zenean, emazteak gizonari:
- Hitz egiteko aukera izan al duzu? -galde egin zion.
- Bai, izan dut.
- Zerbait eman al diozu?
- Bai, zaldia biderako.
Elbetea, Baztango semea zen Kruz Goienetxeri entzuna.
Ipuin honen aldakuntza bat Zuberoan hartu nuen. Beste bat Kirikiñok Euskalzaleren
orrietan argitaratu zuen.
Zuberoko aldakuntza hauxe da:
Emazte bat bigarrenez ezkondua bizi zen. Lehen senarra Joanes izan zuen, bigarrena Piarres. Behin, hura etxean ez zelarik, gizon bat agertu zitzaion emazteari.
- Etxean al zaude? -galde egin zion.
- Zu ere etorri egin zara?
- Bai.
- Nondik heldu zara?
- Beste mundutik.
- Beste munduan zer berri? Ezagutu duzu ene Joanes?
- Ezagutzen dut, bai; oso txikia da, erdi biluzik, diru ere gutxi dauka.
- Gaixoa! Nahi al duzu ene Joanesi zerbait eraman?
- Ba, bai.
- Hemen utzi zituen zapatak, Piarresek sar ezin dituenak, gainera galtzerdiak, galtzak, barneko arropa, gerrikoa, txamarra eta txapela.
- Jatekorik ezta bat ere?
- Xingarra, txistorra, artoa, ... Ba al duzu zahatorik?
- Ez, etxeko andere; baina botiletan ere eraman dezaket nahi adina ardo. Dirurik ez duzu bidaltzeko?
- Berrogeita hamar liberako bat emango dizut beretzat; eta esan iezaiozu maite nuela, Piarres baino askoz gehiago.
Joan zen mandataria pozez. Geroxeago etorri zen Piarres etxera. Emazteak gertatu zena esan zion.
- Deabrua -esanez, Piarres barrutik behorra atera zuen-; ala Jainkoa, atzemango dut, bai -eta alde egin zuen.
Beldur zen zeruko mandataria eta atzera begiratzen zuen noizean behin. Behor gainean lauoinka norbait bazetorrela zela urrundik ikusirik, eskuetako puskak sasi artean ezkutatu zituen eta bide ertzean eseri zen bera.
Heldu zen behorduna eta galdetu:
- Hemen al zaude?
- Etorri egin zara?
- Bai, ikusi al duzu norbait eskuetan poltsa batuk zituela?
- Baaaai. Horko bidexka horretan gora joan da.
- Nolatan joan naiteke, behorra pasa ezin bada?
- Behorra, zu haren bila zabiltzalarik, nik neuk gordeko dizut.
Piarres han zegoen bitartean, zeruko mandatariak puskak bildu eta behor eta guzti ihes egin zuen.
Piarres kopetilun heldu zen etxera. Argitu egin zuen aurpegia, emazteak errietarik ez egiteko.
- Piarres, etorri zara?
- Bai.
- Aurkitu duzu?
- Bai, eta zerura azkarrago heldu zedin, behorra eman diot.
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue