Joanes Ukhulartek, herriko abelburu handi eta txiki guztiak ezagutzen bazituen ere, bakoitza bere izenez, Paterraren (Aita gurea) hitzak ez zituen sekulan buruan hartu ahal izan. Denbora haietan inork ez zekien irakurtzen, eta buruz ezin izan zioten ikasarazi ez apaizak ez amak ere Joanesi Paterra (Aita gurea).
Egun batez apaiza konturatu zen egunero Joanesek alhatzera eramaten zuen artaldean bazela Paterrak dituen hitz bezain beste ardi, ez bat gehiago, ez bat gutxiago, esaten dio artzainari:
- Behar dugu biok zure ardiak bataiatu, bidean gora bata bestiaren atzetik gure aurretik igarotzen diren bezala.
- Bai eta bai.
Izenak ematen hasten dira. Ahari zaharrari lehen lehenik deitzen diote Pater, haren hurrengo ardia Noster, hirugarrena Qui, laugarrena Es, bosgarrena In, seigarrena Caelis... eta azkena Amen.
Bukatu ostean, apaizak agintzen dio Joanesi artaldea berriro pasarazi dezala euren aurretik, buru bakoitza izendatuz, akatsen bat baden ikusteko. Eta behin, birritan, hiruetan ardiak arakatu zituzten, bakoitzak beti bere lekua hartzen zuelarik, sekulan, nahasi gabe, hala ibiltzen baitziren. Eta horiek izendatzearekin hara nola Joanesek Paterra buruz ematen duen, hitz bat ere ahaztu gabe. Apaiza pozik zegoen. Joanes ere bai.
Handik zenbait egunen buruan, apaizak Joanesi esaten dio ardiak deitzeko berriro.
Joanes hasten da:
- Pater, Noster, Qui, Es, In, Caelis, Nomen, Tuum ...
- Ixo, ixo, Joanes; ixo. Sanctificetur ahaztu egin zaizu.
- Ez, jaun erretorea, ez zait ahaztu; baina Sanctificetur-ik ez duzu gehiago, bart otsoak jan baitu.
Fabien Hastoy, de Atharratze.
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue