Bizkaian, Zornotzatik Gernikarako erdi-bidean, baserritxo polit baketsu bat dago, Gorozika, eta baserritxo honetan, Zugastietatik gorantz eliza aldera goazela, muin batean, Munaguren deritzan etxe zabal eta agiri bat. Putzu bat dauka etxe honek, Lamiñapozu deritzana. Putzu honek erdi erdian zuhaitz txiki bat dauka, sahatsa. Bere adarretan sarritan egoten ohi ziren lamiak, ilea orraztu eta orraztu.
Norbait putzura hurbildu ezkero, sahatsaren adarretatik uretan sartu eta ezkutatu egiten ziren laminak. Euren arropa garbia adar horietan eskegitzen omen zuten ere.
Behin, Munagurengo andreren batek izara bat lapurtu zuen. Gauez, atea jo eta jo behin eta berriro ibili eta gero,
- Munagurengo atso ausarta, ekarri iezadan nire izara ondradua
esan zion lamina batek. Hurrengo gauetan berdin, ate-hotsak eta izara-eskea.
Halako batean, etxeko andreak izara bota zion azkenik. Orduan laminak:
- Ez da etxe honetan lihoa faltako sekulan.
Ignacio Larruzea (Gorozika)
Created and designed by Euskomedia.org
© 2012 by Resurreccion Azkue