Imprimir

 

Bekokian begi bakarra zuen erraldoia, Sanson baino indartsuagoa, mendian bizi zen, ardi eta giza haragiz elikatzen zela. Behin, mendira ardi bila zihoan artzain gazte batek Tartalo esaten zioten erraldoi hura aurkitu zuen.

- Nora hoa, mutiko

- Ardi bila.

- Goazen nire kobazulora.

Eta zulo hartara joan ziren. Mutila, hango gauzak ikusita, harri eta zur zegoen: laratzean zintzilik pertza handi bat, giza besoz eta izterrez beterik. Bazterretan ardi larrua eta gizon eta emakume askoren soinekoak.

- Sar ezak, mutil, burruntzia sutan eta jan ezak hango izter hori, hik ere jana izan behar duk eta.

Artzainak bere artean zion:

- Nahiz batera galdu, nahiz bestera galdu, ez zait axola.

Bitartean Tartalo kuluxka bat egiten ari zen eta artzainak burruntzi goria begitik sartu zion eta itsu gelditu zen. Haren garrasi eta uluak! Mutila ardi-larru artean ezkutatu zen. Tartalo koba-zulo atean zegoen, izterrak erdi zabalik zituela. Ardiak bere izterpetik kanpora zihoazen. Tartalok ilean bakoitza ukitzen zuen.

- Galdua nauk – zion bere artean mutilak.

Burutazio on bat izan zuen. Tartalok ez ezagutzeko, bera ere ardi-larruz jantzita igarotzea. Hala jantzi zen eta erraldoiaren izterpetik igaro zenean, bizkarrean ukitu arren ez zuen Tartalok nor zen igarri.

Handik atera zenean, pozik ardi larrua bota eta korrika hasi zen. Tartaloren eraztunak hitz egiten bazekien eta jabeari esan zion:

- Tartalo tximinia: hor zihoak mutila

Tartalok eraztuna bota eta mutilari hatz txikian sartu zitzaion.

- Tartalo tximinia, hemen nauk, hemen nauk.

Tartalo mutilaren atzetik lasterka zihoan. Mutilak ezin kendu zuen hatzetik eraztun salataria. Aizto batez moztu zuen hatz txikia eta osin batera, eraztun eta guzti, bota zuen. Eraztunak berriz ere:

- Tartalo tximinia, hemen nauk.

Tartalo osinera blast zapart eginaz ito zen. Eta handik aurrera artzain hura nahi bezala bizi izan zen.

Manuel Antonio Arruebarrena (Ataun)

Created and designed by Euskomedia.org