Imprimir

Bi Oroz-Betelutar, zenbait urtetan ezkondurik zeudenak, elkarrekin ezin biziz, arratsalde apal batez, ilun, nabarrean, beren apaiz jaunarengana joan ziren, hau esanez:

- Jauna, zuk elizaz ezkondu ginduzun bezala, gure ezkontza laxatu eta hautsi dezakezula jakin dugu. Hau egia baldin bada, elkarrengandik lekutu eta bereizirik bizi nahi genuke.

- Ez al duzue bakerik elkarren artean?

- Bakea? Infernuan bezalakoa dugu.

Apezak iria ezpainetan zuela,

- Bai, ene maiteak -esan zien-; orain infernuan bezala bizitzekoz eta zaurien samurtasun eta haserrearekin infernua geroko irabaztekoz hobe duzue ezkontza lehen baino lehen hautsi. Etorri zaitezte bihar mezara, ezkontza-goizean bezala eta eliza-atarian egon. Nik behar direnak egingo ditut.

Biharamun goizean, meza kanpaiak jo zuenean, ezkondu gaiek beren alde adiskideekin eliza-atarira bildu ziren. Apaiza, tresna ederrak jantzirik, eliz mutila gurutzearekin aitzinean zuela, agertu zen baita, bi ezkonduak bere ondoan belaunikarazirik, hasi ere egin zen marmarrean liburutik latinez irakurtzen zuelakoan eta berehalaxe gizonari buruan eman zion isipuaz kaska... geroxeago emazteari beste bat. Kaskak azkar eta ugaltzen hasi zirenean, negarrez senar-emazteak galde egin zuten:

- Gure ezkontzaren laxatzeko otoitz horiek anitz iraunen al dute?

- Nik hau baizik ez dakit besterik: bietatik bat hil arte ezkontzak iraunen duela.

- Goazen bada etxera eta ezkondu ginenean hitz eman bezala, bakean eta luzaro bizi gaitezen -esan zion emazteari senarrak.

- Gori eginez kenduko duzue orain eta geroko infernua.

Hau esan eta apaiza elizara mezaren ematera sartu zen.

Diciendo esto, entró el sacerdote en la iglesia a decir misa.

Maximino Iziz, de Iriberri (Villanueva), en Aezkoa.

Created and designed by Euskomedia.org